Artikulu hau gaixotasunari buruzkoa da; amorru haserre eta suminaren adieran gaitzat duena beste hau da: «Amorru»
Amorrua edo errabia gaixotasun infekziosoa da, nerbio-sistema kaltetzen duena. Birus batek eragiten du, ARN motakoa, amorruaren birusa hain zuzen ere.
Louis Pasteurek sortu zuen eritasun honen aurkako txertoa 1885ean.
Eragilea
Amorruaren eragilea Errabdobirusen taldeko birusa da. Birus hauek ARN dute material genetiko gisa eta simetria helikoidaleko kapsidea.
Prebalentzia
Amorruaren kasu gehienak garapen bidean dauden herrialdeetan gertatzen dira, hots, Afrikan, Asian eta Hego Amerikan. Amorruaren ondorioz mundu osoan 45.000 lagun inguru urtero hiltzen direla kalkulatzen da.
Txertatu gabeko txakurrak amorruaren bektoreak izan daitezke.
Amorrua zoonosia da, hau da, animaliek transmititutako gaitza. Amorruaren birusak animaliak infektatzen ditu, eta hauek bektore moduan jarduten dute. Animalia gaixoen listuan agertu ohi da birusa, eta haginkada baten bidez pasatzen da gizakira.
Haginkada egin ondoren birusa inokulazio puntuan ugaltzen da, eta hortik -poliki bada ere- nerbio-sistemara abiatzen da. Hilabeteak pasatzen dira birusa nerbio-sisteman sartu arte, eta fase horretan gaixoak ez ditu sintomak garatzen, edo sintoma arinak besterik ez. Bizkarrezur-muinera iristerakoan, aldiz, birusa azkar abiatzen da burmuinetara. Bertan, neuronak kaltetzen ditu eta entzefalitisa sortzen du. Honek, muskuluen espasmoekin batera, gaitzaren ondorio larriak dakartza, heriotza eragingo dutenak.
Sintoma klinikoak
Amorruak jotako gaixoa
Aipatu denez amorruaren inkubazio-epea oso luzea izan daiteke, urtebeteraino. Batzuetan, berriz, lehenago bukatzen da, bi hilabeteetan. Inkubazio-epea nerbio-sistemara ailegatu arte birusak behar duen denbora izaten da, sintomarik gabeko epea.
Burmuinetara iristerakoan lehenengo sintoma nabariak agertzen dira, neurologikoak batik bat: sukarra, ondoeza, herstura, depresioa, eztarriko espasmoak, gehiegizko listu-ekoizpena, buruko-asaldura handia..., koma-egoeran bukatzen direnak. Heriotza arnas aparatuaren paralisiak eragin ohi du.
Tratamendua
Tratatu ezean amorrua hilgarria da beti. Birusaren aurkako tratamendu bakarra immunizazioan datza. Animalia amorratuaren haginkadaren ondoren immunizazio bikoitza duen tratamendua aplikatzen da:
amorruaren aurkako immunoglobulina ematen zaio gaixoari, gizakitik lortutako immunoglobulina espezifikoa, alegia. Immunizazio pasiboa da hori, jasotako antigorputzek birus arrotza suntsi dezaten.
Gaitzaren inkubazio epea luzea denez, immunizazio aktiboa oso eraginkorra da, txertoa jartzen denetik 3-4 asteetan antigorputzak sortzen baitira. Birusa nerbio-sistemara iritsi denean, aldiz, immunizazioak ez du ezertarako balio.
Profilaxi mailan etxe-abereen txertaketak oso eraginkorra dela erakutsi du, herrialde garatuetan amorrua desagerrarazi baitu.