Ángel Toña

Ángel Toña

(2015)
Bizitza
JaiotzaOndarroa, 1952 (71/72 urte)
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
Hezkuntza
HeziketaDeustuko Unibertsitatea
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakekonomialaria, politikaria eta unibertsitateko irakaslea
Enplegatzailea(k)Deustuko Unibertsitatea

Ángel Tarsicio Toña Guenaga (Ondarroa, 1952) bizkaitar ekonomialaria da.

Datu biografikoak

Ondarroan jaio zen, familiaren etxean (aitonak egindako lantegi etxea). 11 urte bete arte Ondarroako eskolan ikasi zuen. Bere lagun guztiak itsasoan lanean hasi ziren, baina estudiante ona zenez, amak (ogibidez maistra zena) ikasten jarraitzera bultzatu zuen. Angelek asma ere bazuen; eta klima aldaketa komeni zitzaionez, Iruñera bidali zuten. Gainera, Toñaren ustez, erabaki horretan familiaren ideologiak ere zerikusia izango zuen: ama karlista baitzen, eta garai hartan Nafarroa Garaian joera politiko horrek indar handia zuen.[1]

Ekonomiatik politikara

Deustuko Unibertsitateko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatean ikasi zuen.[2] Fededuna izaki, ikasketak amaitu zituenean, seminarioan sartu zen apaiz katoliko bihurtzeko asmotan; halere, bertan konturatu zen bide hori ez zuela jarraitu nahi.[1]

1977an lan aholkularitza enpresa batean hasi zen, zenbait abokaturekin. Ordurako Euskadiko Ezkerrako militantea zen, eta beste lankideak EE eta PSEkoak. Toña eta bulegoko beste 3 kide Eusko Kontseilu Nagusira joan ziren, Juan Iglesias kontseilariaren Lan Sailera.[1]

1978an Deustuko Unibertsitatetik deitu zioten irakasle laguntzaile modura aritzeko. Hurrengo urteetan irakasle jarduera hau beste lanekin txandakatuko zuen. Ordutik kontabilitatea, enpresa antolakuntza eta etika irakatsi izan ditu Deustun.[2]

1979ko Gernikako Estatutua onartu zenean, Mario Fernandez lan sailburuak bere sailera deitu zuen; baina ez zuen asko iraun, gatazkak izan baitzituen Industria Saileko eta Legebiltzarreko EAJko kideekin.[1]

Lan gatazken inguruan espezializatu zen, eta ostean konkurtso-administrari moduan lanean hasi zen. Sindikatuekin harreman handia zuen, eta esku hartu zuen lehen enpresa Urdulizko Mecánica de la Peña izan zen.[1]

1991ean EAJk, EAk eta EEk egindako gobernu koalizioan EAEko lan sailburuorde izan zen.[1]

2015eko urtarrilean Bizkaiko Entzutegiak 18 hilabeteko inhabilitazioa ezarri zion konkurtso-administraritzan, Fundifes, Otsaila XXI eta Bator Gestión 2004 enpresen gatazketan hartzekodunei ordainketa-ordena ez betetzeagatik.[3] Halere, handik gutxira 2015ean Iñigo Urkullu lehendakariak Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailburu izendatu zuen, Juan Mari Aburtoren ordez. Kargu hau denbora gutxian bete zuen ordea, 2016ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen ostera arte. Denbora honetan beste polemika txiki bat izan zuen, Aitzol Etxaburu ETAko presoari eginiko bisiten harira: bere gurasoak hil zirenetik, Toña familiak hartua baitu Etxabururen tutoretza.[4]

Euskadiko Ezkerrako militante izan ondoren, Ezker Batua eta Aralar babestu izan ditu hauteskundeetan. 2023an, Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan, EH Bilduren aldeko botoa eskatu zuen.[1]

Iritzi artikuluak idatzi izan ditu El Correo Español izparringian.[5]

2024 urtean, Deustuko Unibertsitateko master batean irakasle zen.[1]

Gizarte ekintza

Fiare bankuaren bulego bat, Bartzelonan.

Joseba Segura Bilboko gotzainarekin batera, Angel Toñak FIARE banku etikoa pentsatu zuen.[1] Hain zuzen ere, 2001 eta 2009 artean, banku hau bultzatu zuen fundazioaren lehendakaria izan zen Toña.

Unibertsitatea amaitu zuenean, parrokia bateko gazte taldeekin lanean hasi zen. Haietako bat, alkoholarekin izandako arazoarengatik etxe gabe geratu zen eta 2007 inguruan Bizitegi elkartean[6] sartu zuten. Harrezkero elkarte hau babesten du Angel Toñak.[1]

Txirrindularitza

Asma gaixotasunarengatik, esfortzu kirola egitea gomendatu zioten. Aitak Ondarroako Aurrera txirrindularitza taldearekin lotura estua zuenez, handik eta hemendik piezak eskuratuta, bizikleta egin zion 13 urterekin. Harrezkero, txirrindulari amorratua izan da beti: bere esanetan bizikletak bizitza eman dio, erabaki garrantzitsu guztiak bizikleta gainean hartu izan ditu, eta kirol honek une gogorretan aurrera egin ahal izateko adorea mantentzen irakatsi dio.[1]

Profesional izateko ametsa baitzuen ere, etxean ez zioten laga, eta ikasketera bideratu zuten. Halere, Bilbon unibertsitate ikasketa aldian, Aurrera elkarteko ordezkaria izan zen Bizkaiko Txirrindularitza Federazioan, 17-19 urte artean.[1]

1980-85 artean inprenta batean lan egin zuen, eta horrek argitaletxeen mundua ezagutzeko aukera eman zion. Artean Espainian ez zegoen txirrindularitzaren gaineko erreferentziazko aldizkaririk, eta Frantziako argitalpenak eredu hartuta, "Ciclismo a Fondo" aldizkaria sortu zuen; 12 urte eta gero saldu zuena,[1] eta oraindik argitaratzen dena.[7]

Covid-19 pandemian txirrindularitza argitalpen berri bat sortu zuen, "Bizikletan" euskaraz[1] eta "Andar en Bici" Espainian.[8]

Bibliografia

  • Joseba Segura, Juan Manuel Sinde, Ángel Toña, Javier Vitoria. Imanol Zubero. 1993. Economía de Mercado, Crisis Industrial y Sabiduría Cristiana. Desclée de Brouwer.
  • Toña Güenaga, A., Pérez, I. 2003. La responsabilidad social de las empresas. In: Amigo, M. L., Cuenca, M. (Editoreak). 2003. Humanismo y valores. Deustuko Unibertsitatea.

Erreferentziak

  1. a b c d e f g h i j k l m n «Berria» Berria 2024-09-08 (Noiz kontsultatua: 2024-09-08).
  2. a b Deustuko Unibertsitateko webgunea
  3. Iriondo, Iñaki. (2015-02-11). «El consejero Ángel Toña fue condenado la semana pasada e inhabilitado 18 meses para ser administrador concursal» Gara.
  4. «Toña: 'Aitzoli egiten dizkiogun bisitak familiako kontuak dira'» EITB (Noiz kontsultatua: 2024-09-08).
  5. (Gaztelaniaz) «Artículos escritos por Ángel Toña Guenaga» El Correo (Noiz kontsultatua: 2024-09-08).
  6. «Bizitegi | Bizitegi» www.bizitegi.org (Noiz kontsultatua: 2024-09-08).
  7. (Gaztelaniaz) «Ciclismo a fondo» Ciclismo a Fondo (Noiz kontsultatua: 2024-09-08).
  8. (Gaztelaniaz) bici, Andar en. (2024-09-08). «Andar en bici» Andar en bici (Noiz kontsultatua: 2024-09-08).

Kanpo estekak

Autoritate kontrola
  • Wikimedia proiektuak
  • Wd Datuak: Q20492732
  • Wd Datuak: Q20492732


Aurrekoa
Juan Mari Aburto
Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailburu

2015ko otsailaren 9a - 2016ko azaroaren 28a
Ondorengoa
Beatriz Artolazabal


Eusko Jaurlaritza (2012-2016)

Iñigo Urkullu (Lehendakaritza)
Josu Erkoreka (Justizia eta Herri Administrazioa / Bozeramailea) • Arantza Tapia (Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna) • Estefania Beltran de Heredia (Segurtasuna)
Ricardo Gatzagaetxebarria (Ogasuna eta Finantzak) • Jon Darpon Sierra (Osasuna) • Cristina Uriarte (Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura)
Ana Oregi (Ingurumena eta Lurralde Politika) • Juan Mari Aburto eta Ángel Toña (Enplegua eta Gizarte Politikak)